60ko urteetako kulturgintza
* Traducción al español del original en euskera
Iñaki Aldekoa

Urtaroen joan-etorri patxadatsuaren hegalpean sortu eta errenditu zen Lizardiren poesia. Naturaren bilakaera berberaren ispiluan babestuz, ez zuen Lizardik hautsi aspaldiko urteetan ikuspegi kristau eta harmonikoa izaten jarraitzen zuen irudi eredugarriarekin. Orixek berak ere txalotu eta miretsi besterik ezin zezakeen egin haren poesia. Izan ere, bien arteko poesiagintzan alde sakonik izanda ere, bata nahiz bestea grekoengandik sortu eta garatu ondoren, tradizio kristau nasai baten magalean sendotutako gizakiaren eta munduaren ikuspegi ziren. Kosmos kristau horren barnean, baina, bazterrak urduritzen eta geldigortzen hasiak zeuden jada gerra zibilaren aurretik. Lauaxeta dugu dinamismo horren adibiderik aipagarriena.

Gerra ondoren desegin zen ezinbestean, XVI. mendeaz geroztik literatura landuaren ibilbide osoan arrastoa markatu zuen norabide kristau hori. S. Mitxelenak ezin zituen "Arantzazu" sinbolikoaren aterpean babestu gero eta bihurriagoa agertzen zitzaion historiaren norabidea. Urrunago joan gabe, bere baitan bizi izan zituen S. Mitxelenak mundu eredugarri eta tradizional horren pitzadurak. Ez zuen baina etsi, eta bere inguruan mundua iraultzen ikusi bazuen ere, ezin berak aldaketari ongietorririk eman. Eginkizun hori, Mendebaleko beste lurraldeetako kultur egoerarekin eta bizikizunekin lotuago zegoen jendeak bete zuen. Krutwig, Mirande eta, geroxeago, Aresti nabarmendu ziren 50eko urteetako hausturaren poesiaren alorrean; Txillardegi nobelarenean. Maiz aipatu den kontua da nola sentsibilitate literarioa aurreratu zaion urteetan geroago etorriko diren gertaera historikoei. Horixe adierazi zuen Txema Larreak, esan zuenean, 60tik aurrera gizartean gertatutako aldaketa bortitzenak iragarrita zeudela aldez aurretik literatur lanetan. Krutwig aitzindari zela, mende hasieratik Europako bazterrak astindu zituen mugimendu nihilistaren oihartzunak ekarri zituen Mirandek gure poesiagintzara. Jainkoa hila zen, eta baita hari orpoz orpo ibili zitzaion arrazoimenaren lilura ere. Jainkoa, eta haren hipostasia baino ez zen arrazoimena Mirandek irazekitako sute askatzaile berean erre ziren. Nietzsche, Schopenhauer eta Dostoievski lagun, pentsamenduaren arrazoibideak bazterrean utzi eta instintuaren eta zinez badenaren senaz arduratuko da aurrerantzean Mirande, ordurako Krutwig "nirvana"-ren aldeko gorazarreak idatziz entretenitzen zen.

Rikardo Arregik 60ko urteetan bota zuen aldarri hura –Euskalzaleen Jainkoa hil behar dugu"– betea zen sinbolikoki Arestiren Maldan behera poeman. Beraz, XIX. mendetik hasi eta Mendebalak elikatu zituen esperantzarik sendoenak hondamendira jaurti ziren: arrazoimena, progresoa. Ibilbide hori Lehen Mundu Gerrarekin gertatu zen Europako beste lekuetan, eta bigarrenarekin erabat errematatu. Gurean, berriz, gerrate zibilaren ondoren ere, artean betiereko sinesmen eta bizilegeari eutsi nahi zitzaion; baina gerrako haurren belaunaldiak lehertu egingo zuen betiko mendeetako norabide zaharkitu hori.

Amaitu ziren harrezkero Lizardiren mundu-irudi patxadatsuak, eta haren metafora nagusia, geroago erabili bada ere, dekoratu huts baino ezin izan. Horixe da Txillardegiren Leturiaren egunkari ezkutua (1957) eleberrian gertatzen dena, nahiz eta lau urtaroen gainean eraiki bere errelatoa, ezinegona, gatazka, bizitzaren aurreko nazka eta suizidioa dira edukiak. Leturia pertsonaiaren kontzientzia kontzientzia gatazkatsua da, haren barnea alderik alde dago urratua. Artean Orixe bizi zen, baina nekez uler zezakeen garai berrien sentsibilitatea; ez zegoen norabide –edo norabiderik ez– horretan tradizio errepikatzaile eta balore iraunkorren euskarririk, ez; garai berriak abenturaren garaiak ziren. Non gelditu zen Orixeren hezkuntza klasiko-kristaua? Non Virgilio eta Horacio? Dostoievski, Nietzsche, Unamuno, Heidegger, Sartre, Camus, Gaudi eta abarren sasoi urduria zen Txillardegirena, eta urte batzuk lehentxeagotik Europa osoarena.

Orixeren itzaltzea, gerra aurretik lanean jardundako belaunaldi oso baten itzaltzea zen. K. Zaitegi, A. Ibiñagabeitia eta Orixe Venezuelan egon ziren urteetan eta handik honako bidea hartu zutenerako, gauzak aldatzen hasita zeuden Euskal Herrian. 1954ean «Egan» aldizkaria sasoian agertu zen K. Mitxelenaren gidaritzapean; 1956an «Jakin» aldizkari frantziskotar eragingarria sortu zen. «Euzko Gogoa» 1956an euskalerriratu bazen ere, aurreko bi aldizkarien eraginari ezin izan zien aurre egin, eta euskararen aitzakian kateatu bazen ere, eztabaidaren irispidea askoz ere sakonagoa zen. Esan daiteke benetako haustura lanaren alboan Intxausti, Txillardegi, Villasante, Krutwig, San Martin eta beste jarri zirela. Orixeren alboan ere jarri ziren Zaitegi, Onaindia eta beste, baina eragileen kopuru eta gaztetasunak erabaki zuen auzia. 1960an desagertu zen «Euzko Gogoa». Euskara batuaren aldeko eskakizuna gero eta bortitzago agertu zen; ezin ukatu, bestalde, Txillardegi, Aresti, Mirande, Krutwig bezalako euskaldun berri eta idazle eginak bihurtu zirela batuaren ibilbidean eragilerik zorrotzenak. Euskara batuaren aldeko bi batzar nagusietan –Baiona (1964) eta Arantzazu (1968)– erabaki ziren euskara batzeko urratsak. Kultura zahar eta berriaren arteko haustura urtetzat 1956 hartu dugu, beraz; eta kulturalki hurrengo muga urtea 1964 da.

1964an eman zen argitara G. Arestiren Harri eta Herri. Inork ez zuen lortu haren aurretik, poesia eta literaturaren esparruan hark lortu zuen eraginik. Arestik lortu zuen aurreneko aldiz euskal mundutik kanpo zebilen askoren arreta biltzea. Euskal literatura eta euskal idazle izatea ohorezko langintzara altxatu zituen. Horra zer zioen I. Sarasolak 1966an Harri eta Herriri buruzko arrakastaz: "Donostiako Biblioteka Probintzialera joaten naiz estudiatzera. Harri eta Herri da estudiatzen duten unibertsitarioek ateratzen duten euskal-liburu bakarra… Euskara jakin gabe liburu hau erosi duten unibertsitarioak ere ezagutzen ditut. Norbaitek euskal-literaturan zerbait galdetzen badit, Harri eta Herri lagatzen diot".

Sarasolaren hitz horiek nahikoa ondo adierazten dute Arestiren liburuak izan duen inpaktu sozialaz. Arestiren Harri eta Herrirekin batera derrigorrez aipatu beharreko beste bi liburu argitaratu ziren 1963an: Jorge Oteizaren Quosque Tandem eta Federiko Krutwigen Vasconia. Bi liburu horiek lortu zuten arrakasta eta eragina oso zabala izan zen, kulturatik hasi eta politikagintzaren muturreraino. Txillardegik behin baino gehiagotan aitortua duenez, F. Krutwigen Vasconia ETAren biblia bihurtu zen. Quosque Tandem saioaren eragina kultur esparruetara zuzenago barreiatu zen, hala nola poesiara, kantagintzara («Ez dok Amairu»), pinturara (Zumeta, Ruiz Balerdi), eskulturara («Debako Eskola»). Kultura eta herri dinamika oso kateaturik zeuden urte horietan, kultura eta politika ere elkar hartuta agertzen zaizkigu. Zenbat ote dira liburu horien irakurketaren ondoren politikara –eta urte haietan politika esatea ETA esatea zen– saltoa eman zutenak. Gazteria berria dugu, eta kontzientzia berria. Honelaxe ikusi zuen R. Arregik 60ko oldar berri hori: "Urte hori ezkeroztik, beharbada piska bat lehentxeagotik, euskal adimena eta euskal sentipena berritu egiten da, bere baitan zartada berri bat sentitzen du eta orduz geroztik gertaera hau, belaun berri baten esnatzea, kontuan hartu gabe ez dago aztertzerik ez euskal kultura, ez euskal politika, ezta ere euskaldunen artean dabiltzan ideologiak. Hau da azken hamar urteetako gertaerarik bortitzena. Gure historia gertuenaren azalpenik ikusgarriena". Urte horietan ez zegoen euskal kulturaren zirrikiturik ETAren oihartzunen bat jasotzen ez zuenik. ETAren presentzia eta eragina itzela izan da euskal mundu osoan, ez bakarrik 60ko urteetan, baita geroxeago ere, norbere imajinarioan aztarka dabilen 90eko urteetako nobelagileen lanak lekuko. Urte horietan, baina, 60ko urteetan alegia, gazteriak abertzaletasun tradizionalak alde batera utzi eta ETAren dinamikan jarri zuen aldaketaren esperantza. PNVren erreferentzia klasikoak ez zuen asetzen jada, gazteriak sentitzen zuen gizartearekin konprometitzeko gogo suharra. Konpromezuaren edo konpromezuen urteak dira. 1960-1975 urteak. Politikaz eta ETAren eraginez ari garelarik, urte klabe batzuen datak ere ezagutu behar dira: 1959an sortu zen ETA, eta 1968an borroka armatuaren lehen hilketak gertatu ziren. Konpromezua ikastolen mugimenduarekin, 50eko urteetan Elbira Zipitriarekin lehen urratsak eman baziren ere, 60ko urteetan gertatuko da Ikastolen aldeko mugimenduaren sendotze eta hedatzea. Konpromezua Rikardo Arregik abian jarri zuen Euskalduntze-Alfabetatze kanpainarekin. Urte horietakoak ditugu, baita ere, Euskal teatro herrikoiaren pizkundea eta "Ez dok Amairu" taldearen euskal kantugintza berria.

60ko urteetan agertu ez bazen ere, urte horietakoa dugu sekulartze prozesu masiboa: 1966an Derioko seminarioa itxi zen, Oñatiko agustindarrak ere 67-70 bitartean sakabanatu ziren, Arantzazuko frantziskotarren ibilbidea motelagoa gertatu da. Ezin esan erabat modernoa zenik kultura eragilerik puntakoenetako asko apaiz eta erlijioso zirenean. Sekularizazioaren oldar eta seminarioaren esperientziak nobelagile askoren lanetan azalduko dira, Txillardegiren Elsa Sheelen-etik, A. Lertxundi Goiko Kale, J.A. Arrietaren Abuztuaren 15eko bazkalondoa eta 90eko azken nobelagileen orrietaraino. Sekulartze prozesu horrek nahitaez etorri behar zuen euskal kulturaren mundura ere, eta halaxe etorri zen, leherketa bat bailitzan gertatuz, sotana eta Biblia gordeaz, marxismoaren biblia ezkutuan askoren kasuan lilura aurkituz. Lehenago fedea zena kontraesanak konpontzeko tresna, aurrerantzean marxismoa izango da. Erlijio tradizional eta ortodoxotik erlijio sekularizatu batera emandako urratsa izan zen askorentzat. Horra nola laburtu zituen J. San Martinek sekularizazioaren arrazoiak:

"Oraingo gazteen ezkerralderako joerak ere badu bestelako arrazoirik. Euskal kultura eta euskal literaturaren mogimenduan ari diren gazte ezkertiarrak, eskumetarren semeak dira gehienak, seminarioetatik irtenak ez direnean. Eliza iherarkia eta estadu boteretsua elkarturik urte askotako joera itsuaren ondorioz sortutako erreakzioa, egonezina da; bestetik, berriz, II. Kontzilio (1962tik ondoren) ondorenak berarekin ekarri duen erlijio krisiaren seme. Erlijioak, bere barne izan dituen aldakuntzekin, bi era nagusitara ebaki zituen joerak, mentalitatez prekontziliar eta poskontziliar direnak; bestetik, bere zentsura irekiago jarri zuen, honekin mila tabu erori ziren eta anitzek ordurarte entzun edo irakurri ez zituen gauzak entzutera eta irakurtzera heldu zen. Egiatzat ziren kontzeptu asko jarri zituen zalantzan, eta dudetatik sortutako kezka urduriak sakabanatzen hasi. Hemendik, askok ezkerraldera ihes egitea. Eta ez dago dudarik, honek ere lagundu zuela mentalitate irekiagoaz girotzen eta bultzatzen 64 gizaldia deitzera etorri garena" (Anaitasuna, 1971-XVIII-30, 16)

Ez dugu ahaztu behar 60ko hamarkada izan zela boom ekonomikoaren sasoia ere, eta Espainia Europaratzen eta mundu zabalera irteten hasi zen garaia, irekiera xume baten hasiera izan zen. Marx, Freud, Marcuse eta Russellen irakurleen urteak. Belaunaldi gazteek aise gainditu zuten Onaindia, Erkiaga eta besteren ikusmoldea, bai literaturan eta bai bizitzaren aurreko jarreran.

Inondik ere konparaezina zen gure modernitatea jada itzuleran ere bazetorren Europako modernitatearekin, hau da, ez zitekeen gure tradizio erlijiosoa XX. mendean Europako beste lurraldeetan gertatutako fede erlijiosoaren loraldiarekin alderatu. Hango T.S. Eliot, Chesterton, Claudel, Peguy, Papini, Maritain edo Graham Greene, konbertsoak ziren gehienak. Modernitateak beren hondoraino arrailatu eta gero, esperientzia horren hustasun metafisikoari mingaina atereaz ortodoxia tradizionalago baten arrastoa aukeratu zutenak. Edozein herentzia dogmatikotatik aske aukeratzeko gaitasun horrek ahalbideratzen du Modernitatea, nahiz eta aukeraketa horretan tradizioaren alde posizionatu. Izan ere, posizionamendu hori aukera pertsonal eta askea baita, inongo tradizio eta agindu dogmatikotatik aske hartutakoa. Esate baterako, nahiz Orixek nahiz T. S. Eliotek Virgilio Mendebaleko tradizioko kultur ardaztzat hartu, aurrenekoak ez luke urrunetik ere ulertuko bigarrenaren klasizismoa. Izan ere, gertatzen dena oso simplea da, Elioten eta Joyceren klasikotasuna Modernitatetik, Modernitatea den hutsune izpiritualetik, birrantolatua da; Orixerena, berriz, S. Agustinetik indarrean zegoen kristautasun klasikotik. Bataren eta bestearen artean Ilustrazioa, haren arrazoimenaren gehiegikeriak zuzentzera etorri zen erromantizismoa eta XIX. mende osoa zeuden. Haiek joan-etorria egin zuten, gurean soilik norabide bakarreko bidea. Gure egoera haienekin alderatu nahia egiazko Modernitatearen sentierari zaputz egitea litzateke. Izan ere, Modernitate literarioaren funtsa kritika da, Jainko kristauaren kritika eta hura ordezkatzera deitua izan zen arrazoimen kartesiarraren kritika; bi kritika horien ondorioa da artista modernoaren hondargabeko kontraesan eta gatazka egoera.

1975ean jarri dut gerra osteko kulturari eskainitako sarreraren muga. Zergatik? Franco hil zen urtea delako. G. Aresti ere urte horretan hil zelako. Ordurako Mirande ere zendua zen (1972an hil zen), eta Krutwig ere onenak emanda. Honi guztiari beste arrazoi bat erantsi behar zaio: 1977an argitara eman zen, 1975 arterainoko produkzioa hartzen zuen Euskal idazleak, gaur liburu mardula. Liburugintza osoa aztertu eta arrazoitzen saiatzen den emaitza horretan euskal literaturaren maila apalegi gelditzen dela iruditu zaigu beti. Eta liburuak eskaini dizkigun mailaketak ikusirik ondorio bat bederen atera daiteke: literaturagatik beragatik baino areago beste arrazoi batzuek bultzatzen dituzte euskal idazlea eta irakurlea idaztera eta irakurtzera. Gaur egun oso modan ez egon arren, beste sasoi batzuetan bestelako predikamendua izan zuen "konpromezua" hitzak. Gorago adierazi dugun bezala, 1960-1975 urteak konpromezuarenak izan ziren neurri handi batean. Salbuespen gutxi dira mugimendu zabal horretatik bazter gelditzen direnak, eta arian-arian hori gertatzen ari baldin bada euskal literaturaren barruan, ez zuen Torrealdairen liburuak horrelakorik jaso, begibistakoa zen ikuspegiari itsatsi zitzaion. Kulturaren "militantea" izatea oso barneratuta bizi izan zen, eta sentiera horren ondorioetako bat da euskal idazle gustukoenen artean nobelagile, saiakeragile eta antropologo inongo ñabardura bereizgarririk gabe azaltzea. Artean asignatura bat zegoen pendiente 1975eko liburu horretan: literaturaren autonomia. Horixe izango da aurrerantzean, abangoardia kutsuko mugimendu eta talde guztien konkista. «Ustela» sailarekin hasi, «Pott»ekin segi eta «Susa»ra iritsi. 1975eko otsaileko «Anaitasuna»n, "Panpina ustela" edo "literaturaren aldeko garrasi bat" zekarren, eta bere baitan R. Saizarbitoriak 20 urte geroago Hamaika pausoko pertsonaia nagusiaren ahotan behin eta berriz jarriko zuen esaldi ironikoa: "ez dezagula konposturarik gal, halare". K. Izagirrek eta B. Atxagak sinatzen zuten literaturaren aldeko aldarri hori. Ez zuen 1977ko Euskal idazleak, gaur liburuak horrelako garrasirik jaso. Garrasi hori 1976tik aurrera euskal literaturako zenbait titulu bazterrezinetan mamitu zen: Ene Jesus, Zergatik bai, Ziutateaz… 1975-1983 bitartean «geure» literatur abangoardiak bizi izan genituen: «Ustela», «Pott», «Oh Euzkadi» eta «Susa». 1982an sortu zen Iparraldean «Maiatz», eta hango idazleentzat oinarri sendoa gertatu zen.

Literatura horrek beste bide batzuk hartzen zituen, literaturaren autonomiak estilo eta genero aniztasuna ekarri zuen. Artean urte horretan imajinaezina zen maila lortu behar zuen euskal literaturak.


Iñaki Aldekoa, Euskal Herriko Unibertsitateko irakaslea
Argazkiak: "Euskal artea eta artistak 60ko hamarkadan" eta Joan Mari Torrealdairen "Euskal kultura gaur" liburuetatik

Euskonews & Media 77.zbk (2000 / 5 / 5-12)


Dohaneko harpidetza | Suscripción gratuita | Abonnement gratuit |
Free subscription


Aurreko Aleak | Números anteriores | Numéros Précedents |
Previous issues


Kredituak | Créditos | Crédits | Credits

Eusko Ikaskuntzaren Web Orria

webmaster@euskonews.com

Copyright © Eusko Ikaskuntza
All rights reserved