Vilescunt temporaliacum considerantur aeternae
Mundu honetako gauzak oro huts,
hauts eta ezteus dirudite betierekoez gogoeta egiten denean.
Itzal
handiko une honetarako hautesia izan nintzela jakin nuenean ez
zen ttipia izan nere kezka, bereziki hainbeste jende garrantzitsu
eta jakintsuren aurrean Villasanteren omenez gorasarreko hitzok
prestatu behar nituela.
Baina, euskararen alde, eta beraz,
Euskal Herriarenean hainbat eta hainbat urtetan lan oparo eta
eskerga egindakoak, nioen nere baitarako, merezi zuen, nola ez,
nere ahalegintxoa, saria eta askoz ere gehiago.
Beti neretzat euskeraren gaztelu
eta dorre, euskal untziaren kapitain trebe, zentzu onaren, apaltasunaren
eta gizatasunaren irudia izan denaren gerizan izango nintzela
jakiteak benturatu ninduen baiezkoa ematera, eta honako hitzok
moldatzera.
Zail zait esatea, ordea, zerbait
berririk Villasantez, jadanik eta berriki Jose Antonio Arana Martijak
Euskaltzaindiak egin omenaldian eta Jose Luis Lizundia jaunek,
Bizkaiko Foru Diputazioak eskainitakoan, besteen artean, argi
eta garbi utzi baitute zenbaterainoko merituak dituen eta zein
nolako lan baliosoa burutu duen. Saia nadin, halabaina.
Gernikako Errenteria hauzokoa dugu
jaiotzez Luis Villasante Kotabitarte, 1920ko martxoaren 22an sortua.
Ttikitan Juan Ansotegi errenaren eskolan ibilia omen. Adimen azkar
eta bizkorra izaki nonbait, eta hor ikusten dugu Arantzazuko Frantziskotarrengana
igoa istudioak jarraikitzera eramana. Latinoak burutu, eta nobiziaduan
sartu berria zegoelarik, zoritxarreko gerra madarikatua piztu
zen eta sorterrira itzuli beharrean aurkitu zen, eta bertan Gaileta
fabrikan ofizina lanetan hasi.
Jaioterriko bonbardeoak eta suntsiketak
hantxe aurkitu zuen eta deus gabe gelditu zelarik, beste gernikar
asko lez, Zarautzko komentura itzuli zitzaigun. Hemen soldaduxka
egiteko deia errezibitu zuen, eta Burgosera jo beharrean aurkitu
zen, eta frentera joatetik bere jakituriak libratu, alegia, makinaz
jotzen, eskribitzen jakiteak.
Gerra zibila bukatu eta berriro Arantzazura,
goi mendi tarteko kabi, atseden tegi eta otoitz-lekura. Hemendik
Nafarroako erribera alderantz, hots, Olitera filosofia ikastera,
bertan euskera irakasle Jose Benito Mendia izango duelarik. Amaitutakoan
Nafarroako lur eta eremu lehorretarik berriro Arantzazuko harkaitz
hodeitsu eta hezeen artera, eta bertatik Comillaseko seminariora,
Teologia Dogmatikoa ikastera.
Ez zen Kantabriako partean kokaturik
zegoen (ez kantarenean, noski) goi-ikastetxe hau nolanahiko lekua.
Fundatzaileen helburuek hala nahi zutelarik, sería un
Colegio apostólico de donde salieren sacerdotes tan exquisítamante
formados que con su cultura y santidad honrasen a la Iglesia Católica
y desautorizasen las calumnias del anticlericalismo liberal. Hau
da, modernismoaren dotrina liberalek Eliza katolikoaren kontra
sortzen zituzten gezurren aitzinean egia eta bizi eredugarria
eraikiko zuen apeztegia.
Bitxia da ikustea, gainera, nola
ikastetxe honetatik iraganak diren XX. mendeko euskal literaturaren
gailurrean koka ditzakegun idazleak, argi bereziko izar diztizariak:
Nikolas Ormaetxea "Orixe", Jose Aristimuño "Aitzol",
faxistek gerran fusilatua, eta Nemesio Etxaniz. Halere, gerraondoko
euskararekiko giro hotz eta arrotz hartan ez zen gutxi suzia itzali
barik mantentzea.
Han, 1945eko abuztuaren 15ean Meza
Berria ospatu zuen, eta 1947an Arantzazura igoko da berriz, jada
50 urtetan hemendik ez mugitzeko, ez bada erlijioa eta euskararen
aginduz eta obedientziaz apal-apal bere egitekoak burutzen ahalegintzeko.
Mende erdi honetan gizon nekaezina
izan dugu Villasante eta hor dugu froga gisa, bere emaitza oparo
eta ezin ederragoa batipat idazkintzan. Zazpirehun eta berrogeita
lau lan xehekiro, eta arreta handiz aipatu eta eman dizkigu Arana
Martijak. Ziur naiz, ordea, bibliorafia honi, 92an argitaratua
izan zenez, erantsi beharko zaiola oraindik azken urteotan plazaraturiko
hainbat lan sakon eta mardul.
Aranzazu, Gernika, Euzko Gogoa,
Verdad y Vida, Cantabria Franciscana, Scriptorium Victoriense,
Boletín de la Real Sociedad de Amigos del País,
Anuario del Seminario de Filología Julio de Urquijo, Fontes
Linguae Vasconum, Euskerta, Anaitasuna, Egan, Gure Herria, Jakin,
La Gran Enciclopedia Vasca, Gran Enciclopedia de Navarra...errebista
eta bilduma hauentantxe erraz topo egin dezake irakurle saiatuak
Villasanteren izkribuekin eta dasta gozamen handiz.
Bi gai ditu nagusi: Erlijioa eta
Euskera. Eta hauen inguruan arituko zaigu beti.
Comillasen aztertuak zituen jada
Duns Scotok Ama Birjinari buruz idatzitakoak, eta 1951ean plazaratuko
tesiaren titulua hauxe dugu: La Sierva de Dios, Mª Angeles
Sorazu, Concepcionista Franciscana (1873-1921). Estudio místico
de su vida.
Eta ez da etsenplu on eta miresgarrien
emakumeei buruz idatzitako lan bakarra, hortxe baitaude ere Sor
Mª Jesús de Agreda, Benita Arizurieta edota Matea Alonso
Ruiz de Gaunari buruzkoak. Azkenetakoa 1994ean argitara emana:
El Camino Crisitano según Angeles Sorazu.
Lan hauek, beti bere ohizko eta benetazko
apaltasunez aitortzen digunez, iheskor eta mementoko gora-beheren
gainetik kokatzen direnak, dibulgazio mailakoak, baina serioski
eginak, halere.
Teologia lanak, non fedea ari zaion
beti bere buruari galdezka, zer den itauka, fides quaerens
intellectum, hots, ulerkuntzaren bila dabilen fedea. Jesukristo,
izeneko idaztiaz honakoa idatzi zuen Jose Artetxek: Liburu
au ez da nolanaikoa. Euskeraz atera dan sakonenetakoa eta inportanteena
dugu. Itxaropena ereiten du, esperanta zabaltzen duen gizona,
Aita Villasante. Apaiz egiazkoa. Gaurko mundu illunean Itxaropenaren
benetako aitorlea.[1968]
Anton Abbadiaren hitz batzuek ere
oroitarazi nahi nituzke, François Aragoren omenez egindako
solasean eginak erlijioa dela eta ez dela.
A propos d’une candidature á
l’Académie des Sciences, un membre objecta que le candidat
était un ardent catholique. "Nous n’avons pas",
dit Arago,"à disséquer ce qu’il t a de plus
intime dans I’homme, ce qu’il a le droit de régler à
sa guise, nous n’avons á examiner que les travaux de M.
d’Abbadie", ses opinions religieuses ne sont pas de notre
domaine. Quant á moi", ajouta-t-il, je porte envie
à ceux qui croient. [1879]
Ez gara nor, beraz, gizonaren barne-muinetan
egin hautapenez mintzatzeko, eta euskal alorrean Villasantek jorraturiko
lanak izango ditu bereziki aipagai, eta horiei eskeiniko dizkiegu
urrengo hitzok.
Villasante berak Bizkaiko Foru diputazioak
egin zion omenaldian honakoxea diosku euskararen munduan sarrazi
zioten adiskide eta gertaerez:
Gizonaren bizitzan gertatzen dira
norberak gutxien usteko lituzkeen bezalako bideak hartzea. Garai
batean nork esango zidan niri hartu ditudan egitekoak niregain
hartu behar nituela? Neronek ere ez dakit zuzen esaten zergatik
hal izan den, baina iruditzen zait bizitzako gora-beherek, gure
inguruan ikusitako gertaerak eta gerrek izan dutela honetan parte
ez txikia. Eta norberaren bizitzan zehar ezagututako adiskideak:
etab.
Salbatore Mitxelena fraidea, eta
geroago beste Mitxelena (Luis), eta nola ez aipa Federico Krutwig
jauna, zeini zor diodan Euskaltzaindiaren egotea...
Eta zerk eragin zidan euskal alor
hau lantzera?...Gerra eta gerra ondoko giroaz euskal landarea
galtzeko arriskuan ikusten nuen, eta pentsatu nuen-ez nik bakarrik,
beste batzuekin batean baizik-lagundu behar niola. Eta komentu
barruan aurkitu nuen lan horretan aritzeko behar zen giroa eta
bai bide batzuk ere. Guzti horiekin zordun naiz, bada. Eta denei
eskerrak eman beharrean naiz. [1995:471]
Baina, geu gara, Euskal gizarte osoa
benetan zorretan dena, eta eskerrak bihotz-bihotzetik eman behar
dizkiona Villasanteri. 1951ren irailaren 25ean izendatu zuten
euskaltzain oso Julio de Urquijoren aulkia betetzeko. Ez zuen,
ordea, hori nola nahi egin, 1952an BRSVAPen eman zigun euskarari
buruzko lehen lan sakona, "Literatur-euskera, laphurtarr
klassikoaren gain eratua"[1952:87-119;259-298], 70 orri ingurukoa,
honela aurkezten zuena Aingeru Irigayek: "Un placer apreciar,
la belleza y la hondura del trabajo del erudito franciscano".
Eta ez da gutxiagorako, egun fraide frantziskotarraren lan sakon
hura, hango hizkuntzalaritzako gogoetak eta euskara idatziarentzat
egindako proposamenak ortografia, morfologia, sintaxia eta hiztegi
mailan berrirakurtzerakoan harri eta zur gelditzen gara ohartuz,
hein eta neurri handi batean geroago euskara batuak hartu bideak
hantxe marraztuak daudela.
Eta Koldo Mitxelena aipatu dugunez,
ager dezadan hemen adiskide handi zirela bi Luisak, Villasantek
hark Eganerako eskatu lanak bidaltzen zizkion elkarren
arteko gutun gurutzaketan ageri denez. Hona adibidez, horietako
bat:
1956 Bagillak (ekaina) 15
Mitxelena jauna:
Bilbon, Vatikano Irratirako
eskabideaz ari giñanean esan nizun bezela, Erromatik
bertatik eskuratu zait neri eukerazko artikulu bat ortaz.
Nik ezagutzen eztudan jesuita bat da egilea [...]
Egan-en idazlan ori agertuko
balitz, zenbaki bat-edo gorde neretzat, egilleari berari
bialdu dezaiodan.
Beste gabe, zurea
Villasante
P.D. Euskal-literaturaren
kondairaz esan zenidana pentsatu dut, baita aolku eskatu
ere nagusiei, ta baietz esaten didate, au da lan ortan eskuak
jartzeko. Gogokoa ere bazait gaia. Jakiña, orai esku-tartean
dauzkat beste lan batzuek, baiño lenbailen asiko
nintzake, udazkenean-edo. Zeinbat denpora beharko nukeen
lana burutzeko? Nik al dakit, ba? Bi urte-edo...(?) |
Horra hor, bada, euskal literaturaren
historia idazteko ere bere nagusiei baimena eskatzen, eta baiezkoaren
ondoren buru-belarri murgiltzen, eta ez bakarrik bi urterako...
Guttun honen urtekoa, 1956koa da,
hain zuzen, Euskal Gramatika llabur eta idazleen pusketa hautatuak.
Liburutxo benetan xarmant eta gomendagarria. Bost urteren buruan
dugu kalean, Historia de la Literatura Vasca, zeinen sarreran
Koldo Mitxelenak hitzok utzi zizkigun:
Ha señalado siempre sus
trabajos una conjunción feliz de cualidades que no se encuentran
asociados muy a menudo, ni aquí ni en otras partes: una
información amplia y segura, un juicio flexible y un espíritu
crítico tan agudo como ponderado. [1961:15]
Halaxe da, bai. Jakituria zabal eta
sakon, iritzi malgu eta izpiritu zorrotz bezain neurtua edukitzea
ez dira, noski, edonorengan aurki daitezkeen kalitateak, ez hemen,
ez inon. Eta honi erantsi beharko genioke, lanahalmen neurrigabea.
Hala uda, nola negu. Eta honen fruitu gisa aurkitzen ditugu Axularri,
eskainitako hainbat eta hainbat saio, edizio, eta itzulpen. Hauxe
zioskun Urdazubitarrak:
Bada xinhanrriaren gobernuaz,
zuhurtziaz, trabailluaz, ethorkizuneko egiten duen probisioneaz,
hornizoinaz, eta biltzen duen mantenuaz, nork zer erranen du?
Nork eztu miretsiko, eta gogoeta eginen? Spiritu sainduak berak
igortzen gaitu animalia ttipitto hunengana, zer egin behar dugun
ikhustera, erraiten duela: Vade ad formicam, o piger, et considera
vias ejus, et disce sapientiam quae, cum non habeat ducem nec
praeceptorem, parat in aestate cibum sibi (Prov.6). Zoaz nagia,
xinhaurriagana, eta konsidera itzazu haren bideak eta bidexkak,
joan-ethorriak eta itzul-inguruak, nekeak eta trabailluak, eta
ikhasiko duzu zuk ere nola behar duzun aitzinerat eta bethiere
bizi, ibili eta gobernatu.
Goazen, bada, xinaurriagana ez, baina
bai Villasanterengana, bere apaltasunean, zentzu onean eta lanerako
jaidura paregabean baitugu etsenplurik onena.
Oroitzen naiz nola ezagutu nuen lehen
aldiz 1968an Arantzazun, eta nola Salamankan nere Filologia Erromanikako
ikasketak bukatu berriak nituelarik 1970ean topatu nuen Urkixo
mintegian, Euskaltzainburu hautatu zuten urtean. Euskararen lekukoez
mintzatu ginen.
Orduz gero hamaika lan eta euskal
idazle zahar plazaratu dizkigu. 1973an "Donibane Lohizuneko
idazle-eskola XVII. mendean "Gure Herrian, eta hango
salaketari jarraikiz, hau da, euskal idazti zaharrei buruzko arreta
eskasa, landu nuen ene tesia eta plazaratu Pierre d`Urte donibandarraren
hiztegi argitaragabea. Halere, hor dago, oraindik Silvain Pouvreaurena
itzalean, tamalez. Axularren hiztegia ere urte berekoa da, eta
euskaltzale eta idazle guztiontzat izugarrizko aurrerapena izan
zen batasun bidean.
Edizio prestaketan ere lan oparoa
utzi digu Axularrez at: Etienne Lapeyreren Kredo edo Sinhesten
dut esplikatua, Pierre Guillaume de Lavieuxville-Harosteguyren
Bayonaco Dioccesaco Bi-garren Catichima, Juan Antonio Moguel
ta Urquizaren Cristaubaren icasbidea edo Doctrina Cristiania,
Domingo Agirreren Kresala etab, etabar. Eta zergatik batipat
zaharrak? Villasantek berak ematen digu erantzuna. Alegia, gure
hizkuntzaren lekuko direlako behar ditugula ezagutu, aztertu eta
eskutan erabili, hizkuntzaren beraren sustraiek gugan erro sakonagoak
egin ditzaten.
1977an Euskal Idazkeak Gaur,
Torrealdaik plazaratu liburuan Villasante hamar idazle hautatuenen
artean ageri zen. Hogei urte geroago, tamalez ahantzixea dagoela
ezin uka. Eredu bezala har dezakeguna da, ordea, inongo dudarik
gabe, eta egungo idazleen artean ere argi bereziz nabarmentzen
dela aitortu behar dugu. Garbi, zehatz, eta aberats baita benetan,
euskararen lekuko maitagarrienetarikoa.
Eskerrik asko, beraz, aita Luis Villasante,
gizon eta euskal idazle bezala eman diguzun zure betiko etsenplu
ezin hobeagatik.
Patri Urkizu, Eusko Ikaskuntza
eta Literatur Saileko Lehendakaria
Eusko Ikaskuntza-Euskadiko Kutxaren Giza Zientzien Saria-1997 Luis
Villasante Jaunari emate ekitaldiko hitzaldia |