Aukera berdinean oinarritutako harremanak eta genero identitateen eztabaida
* Traducción al español del original en euskera
Bea Ugarte Maiztegi

Hezkuntza oso tresna garrantzitsua da, bai. Hezkuntzaren bidez, gizartean dauden ezberdintasunak pixkanaka leundu, bideratu, ezabatu eta konpondu egin daitezke. Edo, areagotu. Beraz, hezkuntza ardatz hartuta jardun beharko dugu, besteak beste, sexua dela eta sortzen diren bereizkeriei aurre egiteko.

Historian zehar garatu diren hezkuntza-ereduak sistema patriarkalaren arabera finkatutako genero maskulino eta femeninoaren hierarkizazioan oinarritu izan dira, eta hierarkizazio horrek eragin handia izan du hezkuntzan. Izan ere, hezkuntza da sistema guztiek, zenbait pentsaera-eredu eta portaerazko jarraibideri jarraiki, pertsonak hezteko duten baliabiderik garrantzitsuenetarikoa.

Gaur egungo eskola mistoan, itxuraz, "sexuen arteko aukera-berdintasuna" ematen da. Ikasgeletan neskatoak eta mutikoak elkarrekin egoten dira, eta irakasle berberak, liburu berberak, eskola jarduera berberak....izaten dituzte. Irakasleei ere neskatoak eta mutikoak berdin hartzen ditugula iruditzen zaigu...

Berdintasun horren azpian, ikasleek osatzen dituzten bi taldeen artean, hierarkia eta desberdintasuna izaten da nagusi, baina ezkutuko errealitate hori ikustea ez da erreza izaten. Hau da, gaur egun gizarte "demokratiko" modernoetan, eskolan edo familia bizikidetzan ikusten den berdintasun-itxura horren azpian, oraindik ere generoan oinarritutako hezkuntza estereotipoak, hots, hezkuntza sexistak, bizirik dirau .

Estereotipo horiek soziokulturalki sortu dira eta, okerreko sexu-genero identitatearen eraikuntzan oinarritzen direnez, gaitasun eta balore desberdinak ezartzen dizkiete gizonezkoei eta emakumezkoei

Baina argitu ditzagun pixka bat oraindik ematen diren egoerak. Eskolan, gizarteko eredua islatzen da, hau da, maskulinitate eredu nagusitua. Eta oraindik horrelako fenomenoak ikus ditzakegu: espazioen jabeak mutilak izaten dira, hizkuntzaren erabilera sexista, curriculum gordearen bidez kultura femeninoaren baloreen gutxiespena eta maskulinoen goraipamena. Elkarbizitzarako arauak gehienetan mutilen jarrerek sortzen dituzten arazoei begira jarrita daude, ikasten duten jakintzetan eskeei ez zaizkie emakumezko eredurik ematen, nagusiok beraiekiko ditugun espektatibak ez dira berdinak izaten, jakintzak androzentrikoak izaten da, liburuek eta...kutsu sexistak dauzkate, antolamendua eta arduren banaketa askotan estereotipatua izaten da, gelako protagonistak gehienetan mutilak izaten dira, neskei mutilak bezala izan daitezkeela esaten zaie, baina mutilei alderantzizkoa ez. Kirolak gehienetan mutilek garatutakoak izaten dira, neskek garatutako gaitasunak ez dira baloratzen ezta ere lantzen (emozioak, afektibitatea, lankidetza, intuizioa....), joko femeninoak ez dira baloratzen, adin askotan mutilak mutilekin ibiltzeko beharra sentitzen dute eta neskak neskekin...eta horren guztiaren ondorioz kultura eta identitate ezberdinak garatzen dituzte.

Gure eskoletan neskak eta mutilak, bai, elkarrekin daude, baina beren identitatea garatzeko oztopoak dituzte. Mutilak, alde batetik, behartuta sentitzen dira, benetako gizona izateko, gizarteak, eskolak eta talde berak inposatzen dizkieten baloreak eta jarrerak barneratzera; eta neskak, beste aldetik, gizartean (eta eskolan) baloratzen diren gaitasun eta jarrera maskulinoak izan behar dituzte, baina, aldi berean hau ez zaie berdin baloratzen eta feminitatea garatu behar dute benetako emakumea izateko.

Horiek horrela, behar-beharrezkoa da genero-estereotipoak bertan behera utzi eta pertsona berreskuratzea, bere identitatearen garapena sustatzea eta hazkunde integralaren alde egitea. Honetan datza Heziketa. Identitatearen garapenak oinarrian zera eskatzen du: independentzia, autonomia eta norberaren baieztapenaren garapena.

Feminismoak urteak egin ditu neskei lotutako rolek neskengan sortzen dituzten kalteak salatzen. Aldi berean, premiazkoa da eredu maskulino nagusitua salatzea, mutilei ondoko ezaugarrietan oinarritzen diren jarrera ereduak eskatzen zaizkielako: zorroztasuna, menderatzeko desioa, emozioekiko lotura baztertzea, emakumeekiko tratu txarra eta errespetu falta, arriskua eta borroka gustukoa izatea, zer nolako "arra" den bere buruari momentu guztietan frogatuz.

Baina maskulinitatearekin ez gara jaiotzen, ikasi egiten da, familia, irakasle eta inguruko guztiekin sortzen diren harremanetan, jasotzen den heziketan, ikasten diren eredu eta erreferenteetan, ipuinetan, jokoetan, telebistan eta bestelako irudietan, inguruko gizartean... Baina maskulinitate hori zer den jakin behar dugu, gizonek nola eraikitzen duten bere pertsona. Historiari begiratzen badiogu, gizonek bere gizontasuna eraiki dute emakumeetaz eta feminitatearekin zerikusia zuen guztiaz bereizteko ahaleginak eginez. Beraien identitatea ukaziotik abiatzen da, femeninoa kontsideratzen den guztiaz eta umetatik kontrako balitz bezala erakutsi zaien horretatik urruntzea da gizon egiteko modu onena. Gainera, maskulinotzat hartzen dena, gizartean balio eta prestigio handiagoa duenez, arreta gehiago ematen zaiela ere ikusten dute.

Emakumeek guretzat diseinatutako tradiziozko feminitate eredua birplanteatu dugun moduan, garapen integralerako lagungarri ez zaigulako egiten, gizarteak maskulinitate eredu hegemonikoa ere zalantzan jarri beharko luke gizonen garapena ere integralagoa izateko.

Pertsonen eta gizartearen garapenerako, norberak bere buruarekin eta besteekin duen harremana garrantzitsua bada eta heziketa beti ere "harremanetan" izaten bada, momentua da gizartean eta eskolan ditugun harremanak aztertzeko. Askotan maskulinitate eredu hegemonikoa inposatu egiten da gure harremanetan eta horrek berak indarkeria sortzen du. Eskoletan harrigarria da egoera. Irakaskuntzan emakumeen presentzia handia da baina maila sinboliko maskulinoan mugitzen gara berriz, nahiz eta beste esparru publikoetan baino gutxiago, baina inposatu egiten dira hor ere harreman konpetitiboak, hierarkikoak...

Gizarte egiturek, hezkuntza barne, legezkotzat jotzen dituzte botere desorekatuan oinarritzen diren harremanak. Historia, zientzia, artea eta mundu mailako erabakietan gizonezkoak nagusi direla ikasten jarraitzen dute mutilek.

"Normala" dena beti ere patroi maskulinoarekin neurtu da.

Maskulinitatearen gaineko hausnarketa faltak oztopoak jartzen ditu beste gaietan eman diren aurrerapausoak emateko. Maskulinitate kontzeptuaren birplanteaketarekin, hasita egongo gara eskolan bi mutiko musuka ikusteak ez gaituenean larritzen eta beraien arteko afektibitatea azaltzen dutenean, beraien artean jotzeak baino gehiago larritzen gaituenean. Azkeneko hau jokoa, adineko kontua bezala ikusten dugu askotan, eta bestea gutxienez harritu egiten gaitu ez bagaitu ere deseroso sentiarazten.

Gure kulturan, pentsamenduak dikotomikoak dira. Kultura honetan, gizarteari dagozkion arrazoibideak gizonezkoei dagozkie eta sentimenduak, ordea, emakumezkoei, esparru pribatuari. Honek guztiak indarkerian eta botere desorekan oinarritutako harremanei buruzko hausnarketa egiteko oztopoa suposatzen du.

Harremanetan aldaketa nahi badugu, nagusi diren ohiko parametro maskulinoak baztertu, publiko-pribatu kontzeptuen arteko dikotomia apurtu, femeninotzat jotzen den afektibitatea harremanetan, esparru publikoan barne, osagaia dela onartu eta epaitu barik edozein sentimendu identifikatu beharko dugu. Horrek guztiak zintzo izaten lagunduko liguke. Eta zintzotasuna eta harremana erlazio estuan daude.

Zentzu honetan eskolan eta gizartean ez da egia esaten, eta esaten bada ere, esku hartzeko momentuan ez da kontuan izaten. Azalduko dut. Nagusi den maskulinitate identitatearen arazo hau, eskola arazotzat hartzen da. Eskolako politikan eta bertako harremanetan esku hartu nahi badugu bereiztu behar ditugu.

Azterketak eta ikerketak egiterakoan beharrezkoa den sexuaren bereizketaz ari naiz. Eskoletan ematen diren harremanetan oldarkortasuna, indarkeria, bazterkeria, motibazio eza...dagoela esaten dugunean arazoa benetan non dagoen ondo identifikatzea garrantzitsua da. Eta arazoa zera da, oraindik asko falta zaigula sakonean eredu maskulino hegemonikoa zalantzan jarri eta historikoki femeninotzat hartu diren kultura eta jakindurian konfiantza eta oniritzia indartzeko.

Esku-hartze egokia egiteko, jakin behar dugu indarkeriak eta diskriminazioak gure harremanetan agintzen duen maila sinboliko maskulinoarekin zerikusi handia dutela; eta gure harremanetan historikoki femenino bezala ikusita eta seriotasunez hartu izan ez diren -eta oraindik ere hartzen ez diren- balioek sortzen duten orden berrirako apustua egin beharko genukeela.


Argazkiak: Mikel Arrazola. EMAKUNDE aldizkariko 26, 30, 46 eta 49 zenbakietan argitaraturik daude
 

Euskonews & Media 208. zbk (2003 / 04-25 / 05-09)

Dohaneko harpidetza | Suscripción gratuita | Abonnement gratuit |
Free subscription


Aurreko aleak | Números anteriores | Numéros précedents |
Previous issues


Kredituak | Créditos | Crédits | Credits

Euskomedia: Euskal Kultur Informazio Zerbitzua

Eusko Ikaskuntzaren Web Orria

webmaster@euskonews.com



QUIENES SOMOSPolítica de privacidadAvisos LegalesCopyright © 1998 Eusko Ikaskuntza